XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ebaluaketaren azterketa

XABI BOSCH AEK-ko kideak ikasketak ebaluatzeko metodoei buruz hitz egin zuen atzo, UEUko glotodidaktika ikastaroan.

Haren idurikoz, orain arte ez da ikaslearen lana ebaluatzeko metodo egokirik.

Boschek azaldu zuenez, ebaluaketa pasatu beharreko proba bat dela uste izan dugu guztiok, kalifikazio huts bat, horrela bizi izan dugu-eta ikasle ginenean.

AEK-ko kidearen aburuz, haatik, ebaluaketa ikas-prozesu osoa bideratzeko eta gerta daitezkeen aldaketak zuzentzeko tresna da.

Ebaluaketa egiteko orduan, irakasleek gehienetan azterketa erabiltzen dute, modurik erosoena delako, epe jakin batzuetan probak egiten ditugu eta kito, gure lana hor amaitzen da.

Hori ez omen da, ordea, ebaluaketa egiteko modurik hoberena.

Egokiena proba edo azterketa bestelako jarraipenerako datu batzuekin tartekatzea da.

Proba baliagarria da, baina soilik laguntza gisa.

Egokiena, Boschen aburuz, etenik gabeko ebaluaketa egitea litzateke.

Probak diseinatzerakoan arazoak baditugu, oraindik gehiago eguneroko jarraipena egiterakoan.

Irakasleak sarritan eguneroko jarraipen hori inkontzienteki egiten du.

Irakaskuntzan eta batez ere Boschek ezagutzen duen eremuan, euskaltegietan alegia, ebaluaketa sistema oraindik ez da erabat zehaztu.

Proben eta batik bat azterketen aurkako jarrera orokorra da, baina lana ebaluatzeko unea iristen denean, ikasleari esan behar zaio ikasitakoa gainditu duen ala ez.